Tailerrerako hiztegi teknikoa

Erdara-euskara


Sarrera

Hiztegitxo honen helburua da, Eibarren eta inguruan, sasoi batean tailer-giroan euskarak izan zuen erabilera goraipatu eta, ondare hori berreskuratu eta berriro ere eguneratzen saiatzea, belaunaldi berriek lekukoari eutsi diezaioten.

Eduki gehiena duela hainbat urte argitaratutako lanetan oinarrituta dago batez ere: Juan San Martin-en "Tekniko-industrial hiztegia" (DANOBAT, Elgoibar, 1976), "Eibar’en erabiltzen diran burdin langintzako itz teknikoak" (Euskera III, Bilbo,1958), "Eibar’en teknika gaietan egin dan eboluziñoari buruz" (Euskalzaleen  biltzarra, Euskera IV, 1959), "Contribución al estudio del vocabulario técnico euskerico de la siderurgia" (Anuario eusko-folklore, 1961), "Léxico técnico empleado en la industria metalúrgica eibarresa" (III. Semana Internacional de Antropología Vasca, Volumen IV, La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo, 1976); Toribio Etxebarria-ren "Lexicón del euskera dialectal de Eibar" (Euskaltzaindia, 1963); Ramiro Larrañaga eta Santiago Gorrotxategi-ren "500 urte euskal armagintzan" (Eibarko Udala, Eibar, 1990); eta Ramiro Larrañaga eta Nerera Alustiza-ren "El grabado en Eibar. Nuestros grabadores" (Eibarko Udala, Ego Ibarra Batzordea, Eibar, 1996). Erreferentzia ezinbestekoa, bestalde, halako lan batean, UZEI-ren "Teknologia Mekanikoa 1 eta 2" hiztegi berezitua (Donostia, 1985).

Lan-ekipoan jardun duten Jose Mari Kruzeta, Serafin Basauri, Ana Aizpurua, Juan Andres Argoitia, Roberto Larreategi eta Pedro Laka-ren zeregina, arestian aipatutako lan horiek batu, kontrastatu, ekarpenak egin eta eguneratzea izan da, oinarrizko hitzegitxo hau osatu arte. Aipatzekoak dira, baita ere, Juan San Martin-ek egindako ekarpenak.

Esan beharra dago lan ekipoaren helburua xumea izanik, lan honek ez duela agortzen edo amaitutzat ematen tailerreko berben jasoketa. Desio nagusia, orain arteko berbak galdu barik eguneroko tailer-bizitzara ekarri eta hor txertatzea da. Beraz, berba batze berririk badator betor eta ongi etorria izango da, aberasgarria baita.

Agurrarekin amaitzeko eskerrak eman nahi dizkiogu ADEGI elkarteari hiztegitxo honen publikaziorako laguntza emateagatik eta Jose Mari Kortari egindako harrerarengatik.