Deia 2000-6-9

{short description of image}

Erremintarik preziatuena

I. M. E.

EUSKARA alor ezberdinetara zabaldu behar dela badakigu: eskoletara, lagun artera, etxeetara, unibertsitatera... eta lan mundura ere bai. Horretaz aspaldi jabetu ziren Eta Kitto! elkarteko kideak, eta Eibarko enpresa sarea aztertzen hasi ziren 1998an. Orduan argitaratu zuten "Tailerrerako Hiztegia" izan zen proiektu zabal honen abiapuntua, eta zalantza bati erantzuteko nahiak xaxatu zituen: Zer nolako presentzia du euskarak enpresetan? Guzti hau argitzeko inkesta zabal bat egin zuten euskara elkartekoek (Alberto Unamunzaga eta Larraitz Lakuesta soziologoek), eta emaitzak eskuan dituzte jada. Proiektuaren hirugarren fasean murgilduta daude orain, eta pasa den asteazkenean Batzorde Bateragilea aurkeztu zuten Eibargo Armagintza Eskolan. Batzorde honek kudeatuko du Euskara Lan Mundura proiektua bera, "Ardatza" izenarekin bataiatu dutena. Eta Kitto! elkarteko kideek eta udal, lantegi eta sindikatuetako ordezkariek osa-tzen dute Batzorde berria.

Aurrerantzean ekintza konkretuak etorriko dira, eta hala agindu zuten batzordekideek: "Helburu orokorrak hauek dira: datozen belaunaldi berriei lana euskaraz egiteko aukera eskaini, eta gure hizkuntzak Eibarren tradizioz izan duen tokia berreskuratu".

Helburu konkretuagoak ere badira, 2000. urte honetan gauzatu beharrekoak: "Askotariko mahaia osatu (osatu dute), finantza-bideak aurkitu, lan munduan dauden euskaldunen data-basea osatu, zerbitzu eskaintza egin, enpresa bakoitzak bere eredua finkatu eta Batzordeak guzti honen jarraipen zehatza egin dezala". Enpresa bakoitzak bere mailan egingo du lan, bere beharrak eta baliabideak kontuan hartuz, betiere. Dena den, proiektuaren arduradunek "mikroplangintza" aipa-tzen dute, hots, enpresa gutxi batzuk hitzarmen maila handia hartzea, "dinamika hau sortzen bada enpresa garrantzitsu batzuen artean, besteak atzetik etorriko direlako, eta hori da nahi duguna".

{short description of image}

Inkestaren emaitzak

Inkesta egiterakoan erdaraz zuzendu ziren enpresariengana bai Alberto bai Larraitz, "euskararekiko ea zer nolako jarrera zuten ikusi nahi genuen eta". Guztira 250 enpresa aztertu dituzte, telefonoz edo aurrez-aurre egindako elkarrizketaz baliatuz. "Eibarren badira tailer asko, oso txikiak direnak, eta horiekin lan egitea oso zaila zela ikusi genuen; besteekin ekin diogu", zioten arduradunek. 56 enpresa euskarara pasatuak zeuden, eta horrek poztu egin zuen lantaldea; gainera, jasotako ezetzak gutxi izan dira (interes falta hamarrek baino ez zuten erakutsi, eta kontrako jarrera bost enpresak), eta guzti horrek aurrera jarraitzeko motibazioa eman die.

Eibarko enpresa munduan paisaia aldatu gura dute, euskararen presentzia areagotuz, datozen langile berriei beste marko bat eskainiz, euskararen aukerak eskainiz. Badakigu, "ez bakarrik bere edertasunagatik, baizik eta geurea delakotz".