Diario Vasco 2000-6-8

Eibarko enpresak euskalduntzeko, Ardatza programa jarriko da martxan irailetik aurrera

DV. /EIBAR -- Euskara Eibarko enpresetan zabaltzeko helburuarekin, Ardatza programa aurkeztu dute Eibarren Eta Kitto! euskara elkarteak, Udalak eta Hobetuz-ek elkarlanean. Antolatzaileen helburua, "euskararen inguruan orain arte lortutako konpromisoak hedatzea eta finkatzea da". Irailetik aurrera ekintza konkretuak izango dira Eibarko enpresetan euskararen presentzia areagotzeko. Besteak beste, irudi korporatiboa euskalduntzea, eta enpresetako dokumentuak euskaraz izatea ditu helburu ekimenak.

Eta Kitto euskara elkarteak eman zituen lehenengo pausoak. Eibarko enpresen sarea aztertzen hasi zen 1998an. Orduan argitaratu zuten Tailerrerako hiztegia izan zen proiektu zabal honen abiapuntua. Tailerretan normalean erabiltzen diren berbak bildu ziren bertara. Gero lantegiz lantegi ibili ziren Eta kitto!-ko kideak, euskararen presentzia neurtu eta langile eta arduradunen jarrerak aztertzeko.

Enpresa guztietako zuzendariekin elkarrizketatzea beharrezkoa zela uste du Alberto Unamunzagak: "Zuzendariekin berba egitea beharrezkoa dela uste dugu. Baina argi ikusten dugu, baita ere, horrelako aldaketak ezin litezkeela ezarri zuzendarien aginduz. Horregatik, sindikatuekin berba egin genuen, euren lagun-tzarekin programa enpresetan hedatzeko asmoarekin. Alde horretatik, UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek eman diguten laguntza azpimarratzekoa da".

Behin sindikatuen babesa jasota, enpresak bisitatzeari ekin zioten, Unamunzagarekin batera, Artzai Mendiburuk eta Larraitz Lacuestak. Bisitak egiteko orduan metodologia zehatza erabili zuten, Unamunzagak adierazi duenez: "Eibarko enpresa guztietara eskutitza bidali genuen, gure ekimenaren berri ematen. Horrekin batera, ...eta kitto! aldizkaria ere bidali genien, bertan erreportajea azaltzen zelako ekimenaren gainean".

Lehen fasean, enpresetan euskararen egoera zelakoa zen jakiteko inkesta egin zuten , eta pare bat lantegitan prozesu guztian euskaraz jarduteko aukera bazegoela ikusi . "Hori ikusita, hiru edo lau enpresatan konpromiso maila hori lortzea nahi genuen. Izan ere, pentsatzen dugu lantegi batzuk dinamika horretan sartzen badira atzetik beste asko joango direla denborarekin. Nolanahi ere, badakigu oso enpresa gutxi egongo dela horrelako konpromiso maila bere gain hartzeko prest. Baina aldaketak ezin litezke planteatu goizetik gauerako zeozer moduan; progresio baten moduan baizik", esan du Unamunzagak.

Orain arte 250 enpresarekin jarri dira harremanetan Ardatza ekimenekoak. Horietatik, 81 interesatuta daude programaren garapenarekin eta informazio gehiago bidali zaie. Beste 139k esan dute ez dutela informaziorik jaso nahi, baina jarrera horrentzako arrazoiak oso bariatuak dira: "Ezetz esan dutenen artean, 62 oso enpresa txikiak dira, eta beste 18 egoera ekonomiko larrian daude. Euskararekiko interes falta 10ek baino ez dute agertu, eta 7k hurrengo fase batean deitzeko esan dute", adierazi du koordinatzaileak.