Euskaldunon Egunkaria 2000-6-8

Eibarko lantegietan "Euskara zabaltzeko" asmoz Ardatza programa aurkeztu dute

Uda igarota jarriko dute abian lantegiak euskalduntzeko egitasmoa

Euskara Eibarko enpresetan zabaltzeko helburuarekin, Ardatza programa aurkeztu zuten atzo Eibarko Armeria eskolan Eta kitto! Euskara Elkarteak, Udalak eta Hobetuzek elkarlanean. Antolatzaileen helburua "Euskararen inguruan orain arte lortutako konpromesuak hedatzea eta finkatzea da". Hori bideratzeko azken hilabeteetan egindakoa aztertu, eta irailetik aurrera programa martxan jartzeko asmoa azaldu zuten.

Egindako ikerketen ondoren, enpresak euskalduntzeko hainbat urrats egin daitezkeela nabarmendu zuen proiektuaren koordinatzaile Alberto Unamunzagak. Besteak beste, irudi korporatiboa euskalduntzea, enpresako dokumentoak euskaraz izatea eta enpresen arteko harremanen euskalduntzea azpimarratu zituen.

Alberto Unamunzagaren arabera "lantegietako zuzendariekin biltzea ezinbestekoa bada ere, argi dugu horrelako aldaketak ezin dituela zuzendaritzak bideratu". Zentzu horretan, sindikatuek adierazitako laguntasuna nabarmendu zuen.