Gara 2000-6-8

Lan munduan euskara bultzatzeko Ardatza plan berria jarri da martxan

Orain dela urte batzuk zegoen euskara maila berreskuratzea izango da helburua R. HERNANDEZ | EIBAR

Gaurtik aurrera martxan dago Eibarko lantegietan euskararen erabilera sustatzeko plan berria. Gure herriak orain dela urte gutxi arte izan duen mailara eta tradiziora bueltatzea da helburu nagusia, eta horretarako indarrak elkartu dituzte lantegiek, Udalak, ...Eta Kitto Euskara Elkarteak eta sindikatuek. Plan berri honek Ardatza izenpean egingo du lan euskararen alde.

Gure hizkuntzak herri mailan gora egin duen arren, lan munduan beherakada nabarmena izan da azken urteotan. Gazte gehienek euskaraz egin dituzte beren ikasketak, baina lan munduan barneratzen direnean gaztelania da gehien erabiltzen den hizkuntza, eta egoera honetara moldatu beharrean ikusten dute beren burua. Arazo hau ikusita, ...Eta Kitto Euskara Elkarteak inkesta bat egitea erabaki zuen, gure hizkuntzaren benetako egoera zein zen jakiteko asmoarekin. Emaitzak ez ziren oso onak izan, eta horregatik erabaki zuten proiektua aurrera eramatea .

Lantegi handien harrera nahiko ona izan da, eta euskara bultzatzearen aldeko azaldu dira gehienak. Horretarako, lantegi bakoitzeko errealitatera egokitutako planak eskaini dituzte programaren bultzatzaileek. Horrela, A, B eta D ereduak erabiliko dira, lantegi bakoitzak duen beharraren arabera. A eredura egokitzen direnek, euskarari sarbidea emanez ekingo diote prozesuari. B eredukoak, euren funtzionamenduan, orokorrean edo sekzioren batean, euskara ere erabili ahal izateko neurriak hartuko dituzte, eta D eredukoek planifikazio orokorraren bidea hartuko dute, bost urteren buruan euskaraz ere funtzionatu ahal izateko.

Baina helburu hauetara iristea ez da erraza izango. Izan ere, zailtasun batzuk ere badaude. Adibidez, gaur egun lantegietan diharduten langileen belaunaldi asko erdaldunak dira. Gainera, langile gehienak nagusiak dira, adin handikoak, eta pertsona hauek ez dira aldaketa askoren lagun izaten.

Dena dela, alde positiboak ere aurki ditzakegu. Gazte gehienek dakite euskaraz, eta gainera, hizkuntzaren sustraia handia da beraiengan. Datu honek esperantzak zabaldu dizkie plan honen antolatzaileei. Prozesu luzea dela argi utzi nahi izan dute eta, bultzatzaileek adierazi dutenez, lehen aipatutako jende gaztea lan mundura sartzearekin bat iritsiko dira prosezu hau normalizatzeko erraztasun nagusienak.

Bitarte horretan, garrantzitsua izango da plangintzaren lehenengo fasea martxan jartzea. Lehenik eta behin, lantegietako arduradunak kontzientziatu beha- rra zegoen, eta helburu hori lortu dute dagoeneko. Orain, lehen aipatutako plan ezberdinei jarraituz, guztion esku dago duela urte batzuk euskarak Eibarko lan munduan izandako garrantzia berreskuratzea.

Enpresak eta sindikatuak, proiektuarekin "pozik"

Pedro Agirregomezkorta, Adegi eta Agmeko ordezkaria, oso pozik azaldu zen hasi berri den Ardatza proiektuarekin. "Ilusio handiz onartu dugu proiektu hau. Jendea oso kontzientziatuta dago euskararen arazoarekin. Guri inkesta egin ziguten, eta proiektua aurkeztu zigutenean, ilusio osoz hartu genuen. Gure enpresak ardura bat hartu du, eta programa aurrera eramango dugu. Nire aldetik, lantegi guztiei proiektu honetan parte hartzeko gonbidapena luzatuko nieke".

Patxi Zubizarreta sindikatuen ordezkariak adierazi zuen proiektu hau "aurrerapauso garrantzitsua" dela. Bere hitzetan, "azkenaldian euskara mailak gora egin du zerbitzuen sektorean, baina lantegi mailan ez da aurrerapausorik eman. Sindikatuok arduratuta gaude, eta euskara bultzatzen saiatzen gara; horregatik, honako hau aukera ederra dela uste dugu". Zubizarretak argi dauka aldaketa beharrezkoa dela euskararen normalizazioa lortzeko. "Sindikatuok lantegiekin izaten ditugun eztabaidak gaztelaniaz izaten dira, zoritxarrez; ea gaur hartutako konpromisoarekin egoera hau aldatzen dugun".