Euskararen egoera tailerretan

Bigarren fase batean, tailerretan euskarak duen lekua ezagutu nahian, inkesta bat egin zuten Alberto Unamunzaga eta Lander Arrizabalagak. Horretarako Eibarko enpresetan oinarritu ziren beraien artean ikerketa bat eginez, gerora egin beharreko lanak egokitzeko.

Diagnosia egiteko, Eibar inguruko 32 enpresa bisitatu zituzten, aukeraketa estratifikatu eta aleatorioa zelarik. Azterturako langile kopurua 1.777koa izan zen, 264 bulegariak zirelarik.

Indikadore hauek aukeratu ziren :

Jasotako datuak

Euskaldunen kopurua.

Euskaldunen kopurua bulegoetan %57koa da, eta tailerrean %37koa. Diferentzia haundi samarra nabaritzen da bi datu horien artean, baina inportanteena bulegarien emaitza da, enpresa arteko komunikazio gehiena beraien esku baitago. Baina datu hori erlatiboa da, euskara arazorik gabe hitzegin eta idazten dutenen kopurua askoz ere murritzagoa baita (%12.5).

Baina orokorrean oso positiboa da bulegarien erdia baino gehiagok euskara jakitea, nahiz eta ahozkora mugatu gehien bat. Esku-langile euskaldunen portzentaia txikiagoa da, baina bulegariekin gertatzen den bezala tailerretan sartzen den ia gazte jende guztiak euskara erabiltzen du , edo behintzat horretarako gaitasuna badu.

Euskararen presentzia.

Euskararen presentzia lantegietan somatu da denetan aurkitu baita presentzia minimo bat gutxienez. Horrek, kalean lortutako kontzientzia euskaltzalea enpresa mundura heldu dela adierazten du. Gure helburua bide hori segitzea da, kezka hori enpresen arteko harremanetan landuz.

Inkestan ikusitakoaren arabera, enpresa bakarra da euskara bulegoetan "beti, ia beti" erabiltzen duena, baina bestalde euskara "inoiz ala ia inoiz ere ez" erabiltzen dutenak, enpresen %28 bakarrik dira. Beraz gehienak erdibidean kokatzen dira, gehienak batzutan bakarrik aritzen dira euskaraz, eta lan kontuan hasterakoan, erderara jotzen dute.

Ehuneko hauek, tailerraren barruan oso antzekoak dira. Datu hauekin euskara tailerraren barnean "noizean behin" erabiltzen dela esan dezakegu. Bere presentzia, nahiz eta handiegia ez izan, euskaldunen kopuruaren arabera, nabaritzen da.

Euskara arlo komertzialean.

Euskararen erabilera erlazio komertzialetan oso txikia da (%5.65), baina azpimarratzeko faktore bat da, "imitazio" fenomeno moduan erabiltzen dela. Bisitatutako enpresa guzietan, euskara erabiltzen dutela esan dute, baina harremanetan dauden pertsonek erabiltzen dutelako. Esparru honetan nabaritu behar da edozein komunikazio hasterakoan, lehen hitza euskaraz esateak egundoko garrantzia duela.

Internet enpresetan.

Internetak gero eta garrantzi gehiago du enpresetan eta ez da ahantzi behar enpresa euskalduntzeko, web orrialdea euskalduntzea abiapuntu bat izan daitekela, enpresaren irudiaren parte bat delako.

Aurre-jarrerak, euskara bultzatzeko ekintza konkretuen aintzinean.

Fakturak euskaraz jartzeko eskaera nabarmena da (ia %50), baina tratamendua ia beti euskara eta erdera aldi berean agertzea izango litzateke. Euskararekiko diskriminazio positiboa ezartzearen alde ere aurkitu da enpresaren bat.

Euskara ikasi edo badakitenei, ezagutza hori sakontzeko eskaintzari dagikionez esan beharrekoa da %68.75ak langileei eskainiko liekela adierazi du, eta kolaborazioa berriz %59.37ak eskainiko luke.

Ikerketatik ateratako ondorioak.

Ikerketa honetan somatu den ondoriorik garrantzitsuena lan mundura sartzen ari den gazte jendeak duen euskaraen ezagutza da. Belaunaldi berriak eukaraz datozela somatu da. Eman beharreko pausu garrantzitsu bat, enpresetan giro euskaldun bat sortzea izango litzateke, barne errotulazioaren bidez, inprimakiak..., euskaraz datozen belaunaldi berriek beraien hizkuntzan aritu ahal izateko.Azpimarratu behar da Eibarren hezkuntzako A eredua ez dela gehiago ematen eta beraz heziketan jasotako eredua eten ez dadin, lan munduan giro apropos bat sortzeko beharra sentitu da. Inkestak zentzu hortan, giro apropos hori sortzeko aukera edo posibilitatea bazela ere erakutsi du, eta orduan hartu da "euskara lan mundura" programa urrunago eramateko erabakia.